09.ira – 10.ira
Uda Ikastaroa aurrez aurre ospatuko da eta online zuzenean parte hartzeko aukera ere egongo da ZOOM bidez. Matrikula prozesuan nola parte hartuko duzun aukeratu: aurrez-aurre edota online zuzenean.
Uda ikastaro honek “Green Deal” delakoa izango du ardatz, izaera berde eta sozialeko erreformen agenda indartsua, koronabirusaren krisiaren ondorioz mundu osoko herrialde eta eskualde ugaritan garatu nahi dena; Europar Batasunean eta Estatu Batuetan, besteak beste. Proposatzen diren estimulu eta erreforma multzoak oraintsuko historiako garrantzitsuenak dira, eta aukera handia ematen dute trantsizio energetikoa bizkortu eta krisi klimatikoa geldiarazteko, arrisku handiak badituzte ere. Edizio honetan, aztergai izango dugu nola errekuperazio eta eraldaketarako proiektu hauek, itun sozial berri hau, inflexio puntu izan daitezkeen krisi klimatikoaren aurkako borrokan COVID-19aren ondorengo agertokian.
Lehenengo jardunaldian, klima politikaren egungo egoera aurkeztuko da, maila globalean, eta Parisko Akordioa betetzeak energia, ekonomia eta teknologia mailan dituen ondorioei erreparatuko zaie. Trantsizio energetikoaren eta ekologikoaren erronkak aztertuko dira, enpresa energetikoen eta ingurumen arloko GKEen ikuspegitik. Azkenik, hizlariek eztabaidatuko dute Green Deal-ak ekonomia eta gizartea biziberritzeko eta eraldatzeko dituen aukerei buruz.
Bigarren jardunaldian, trantsizio energetikoari helduko zaio ikuspegi sozialetik, eta enpleguari eta bidezko trantsizioari lotutako inplikazioak azpimarratuko dira, baita dimentsio politikoa eta instituzionala ere. Gainera, trantsizio honetan aurrera egiteko beharko diren berrikuntza sozialei ere helduko diegu. Azkenik, hizlariek eztabaidatuko dute koronabirusaren krisian ikasitakoari buruz, hobeto eta garaiz heltzeko krisi klimatikoari.
Uda ikastaro honek, gainera, gizarte osoari zabaldutako ekitaldi bat egingo du, iraganean Euskadin eraldaketa sozial, ekonomiko, energetiko edo industrialen lekuko izan diren pertsonen ekarpena ezagutzeko asmoz. Haien esperientziak lagun diezaguke hobeto aurre egiten datozen aldaketa eta eraldaketei.